Alboka Abesbatzak emanaldi polita eskaini zuen hilaren 11n Donostiako Antiguako auzoko San Sebastian Martiri parrokian. Ez ginen bakarrik egon elizako aldarean, ordea; auzoko Luberri Abesbatzarekin batera partekatu baitzuen kontzertua. Bi koruek abenduan Lasarte-Orian hasi genuen elkartrukea larunbatean izan zuen amaiera.
Antiguako abesbatzak eman zion hasiera emanaldiari. Bost doinuetako egitarau laburra eskaini zuen Junkal Guerrerok zuzendutako taldeak. Norvegiako eztei martxa bat abestuz sartu ziren abeslariak aldarera eta jarraian, L. Molfinoren O Sacrum Convivium kantatu zuten. Auzokide izandako Imanol kantautoaren hainbat abesti ezagunez ere gozatu zuten San Sebastian Martiri parrokian zeuden entzuleek. Horiek, gainera, Luberri abesbatzeko zuzendari Junkal Guerrerok korurako moldatutako kantuak ziren. Eta J. Ezkurraren Aritz Adarrean-Kattalin lanarekin Lasarte-Oriako abesbatzari eman zioten bidea.
Alboka Abesbatzak bitan banatu zuen bere saioa. Lehenean apirilean Obanoseko Arnotegui lehiaketan aurkeztuko ditugun lau lan eskaini genituen. Hala nola, Montserrateko Libre Vermelleko Stella Splendens, Aita Donostiaren Virgo Dei Genitrix, T. Tallisen If Ye Love me eta Juan del Encinaren Oy Comamos y Bebamos. Erketz EDTko dantzarien laguntza ere izan genuen batean. Bigarren zatian, aldiz, Miren Gabirondok jotako pianoaren doinuak hauspotuta Durme durme sehaska kanta sefardia, La La Land filmeko City of Stars, M. Laboaren Martxa baten lehen notak eta Itoizen Lau teilatu abestu genituen.
Emankizunari amaiera emateko bi koruek ahotsak batu genituen. Lehenik J. Elberdinen Izar Ederrak kantatu genuen Montse Latorreran zuzendaritzapean eta Junkal Guerrerok, berriz, berak idatzitako Mutil txaleko gorri abestia.
Entzuleek txalo zaparradarekin ederki eskertu zuten bi taldeon saioa.