Alboka Abesbatzak Soriako abesbatzak antolatu duen X. Ahots Jaialdiako bigarren jardunaldian parte hartuko zuen maiatzaren 14an, Auzitegi Jauregiko antzokian. Pandemia ostean, Lasarte-Oriatik kanpo eskaintzen zuen lehen kontzertua zen eta abesbatzako kideek gogoz egin zuten bidaia. Musika eta adiskidetasuna izan ziren nagusi.
Emanaldia San Esteban de Gormaizeko abesbatzarekin partekatu zuen Lasarte-Oriako abesbatzak eta Alboka lehena izan zen antzokiko taula gainera igotzen.
Egitarau anitza eskaini zuen, hala nola, abesti herrikoiak, erlijiosoak edo filmeen soinu bandetako doinuak. Oscar Gallardo piano joleak eta Carolina Muñoz zein Unai de Andres abesbatzakieek perkusioan lagunduta eskaini zituzten hainbat doinu.
San Esteban de Gormaizeko abesbatzaren txanda izan zen jarraian eta atal musikalaren amaiera emateko, saioan parte hartu zuten bi abesbatzek ekimena antolatzen zuen Soriako abesbatzarekin batu ziren bi doinu abesteko: Tourdion eta Signore delle cime.
Azkenik, oroigarri eta lore banaketa izan zen eta gonbidatutako abesbatzek Numantziako zalditxoan oinarritutako eskultura bat jaso zuten.
Jaialdiaren ostean, hiru abesbatzek mokadutxo bat jan eta harremanak sendotu zituzten. Izan ere, herriko abesbatzak eta Soriako abesbatzak egingo duten trukearen lehen emanaldia baita Auzitegi Jauregiko antzokian. Bigarrena Lasarte-Orian izango da eta data oraindik zehazteke dago.
Kontzertuaz aparte, Soriako hiria ezagutzeko aukera ere izan zuen herriko abesbatzak.