Usadioari jarraikiz Santa Krutz eguna ospatu du Lasarte-Oriako bizilagunek. Ttakun kultur elkarteak udalaren laguntzaz Azkorte baselizan erromeria ederra antolatu du. Herritar ugari igo da baselizara. Gure harritxoa jarri dugu mezan.
Author: Alboka Abesbatza
Esperientzia ederra eta bigarren postua Arnotegi Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika lehiaketa nazionalean
Alboka Abesbatzak Arnotegi Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika lehiaketa nazionalean parte hartu zuen hilaren 15ean, Obanosen, Nafarroan eta bigarren postua eskuratu zuen Obanoseko Misterioa Fundazioak antolatutako ekimenean.
Derrigorrezko kantua zen Montserrateko Libre Vermelleko Stella Splendens eskainiz hasi genuen emanaldia eta ikusleak Erdi Aroko giroan sartzeko, Erketz EDtren dantzarien laguntza izan genuen.
Ostean, XIV eta XVI mende arteko doinuak eskaini genituen: Aita Donostiaren Virgo Dei Genitri, T. Tallisen If Ye Love m, B. Carceresen Sus, sus, sus (La Trulla), Bob Chilcottek moldatutako Juan De Anchietaren Con amores la mi madre eta Juan del Encinaren Mas vale trocar eta Oy Comamos y Bebamos.
Hiru abesbatzen emanaldiaren ostean, epaileek sari nagusia Madrilgo Salix Cantor kamara abesbatzari ematea erabaki zuten. Bigarren saria Alboka Abesbatzari eman zitzaion eta hirugarrena, berriz Iruñeako La Asunción abesbatzak jaso zuen. Zuzendari onenaren saria La Asunción abesbatzako Beatriz Aguirrek jaso zuen eta ikusleen saria ere La Asunción abesbatzak eraman zuen. Saribanaketaren ostean, hiru taldeek derrigorrezko kantua eskaini zuten ikusleen gozamenerako.
Pozarren gaude lortutako emaitzarekin eta abeslariek azken hilabete hauetan egindako lan guztiarekin. Era berean, Erketz EDTko kideei eskerrak eman nahi dizkiegu eskainitako laguntzarengatik.
Alboka Abesbatzak lanean jarraituko du ikasturtea amaitzeko geratzen zaizkigun emanaldietan gure onena emateko. Egun hainbat proiektu ditugu esku artean eta ekainaren 24an eskainiko dugun ikasturte amaierako kontzertuko egitaraua ere prestatzen hasiko gara aurki.
Luberri abesbatzarekin elkartrukea era ezin hobean amaitu dugu
Alboka Abesbatzak emanaldi polita eskaini zuen hilaren 11n Donostiako Antiguako auzoko San Sebastian Martiri parrokian. Ez ginen bakarrik egon elizako aldarean, ordea; auzoko Luberri Abesbatzarekin batera partekatu baitzuen kontzertua. Bi koruek abenduan Lasarte-Orian hasi genuen elkartrukea larunbatean izan zuen amaiera.
Antiguako abesbatzak eman zion hasiera emanaldiari. Bost doinuetako egitarau laburra eskaini zuen Junkal Guerrerok zuzendutako taldeak. Norvegiako eztei martxa bat abestuz sartu ziren abeslariak aldarera eta jarraian, L. Molfinoren O Sacrum Convivium kantatu zuten. Auzokide izandako Imanol kantautoaren hainbat abesti ezagunez ere gozatu zuten San Sebastian Martiri parrokian zeuden entzuleek. Horiek, gainera, Luberri abesbatzeko zuzendari Junkal Guerrerok korurako moldatutako kantuak ziren. Eta J. Ezkurraren Aritz Adarrean-Kattalin lanarekin Lasarte-Oriako abesbatzari eman zioten bidea.
Alboka Abesbatzak bitan banatu zuen bere saioa. Lehenean apirilean Obanoseko Arnotegui lehiaketan aurkeztuko ditugun lau lan eskaini genituen. Hala nola, Montserrateko Libre Vermelleko Stella Splendens, Aita Donostiaren Virgo Dei Genitrix, T. Tallisen If Ye Love me eta Juan del Encinaren Oy Comamos y Bebamos. Erketz EDTko dantzarien laguntza ere izan genuen batean. Bigarren zatian, aldiz, Miren Gabirondok jotako pianoaren doinuak hauspotuta Durme durme sehaska kanta sefardia, La La Land filmeko City of Stars, M. Laboaren Martxa baten lehen notak eta Itoizen Lau teilatu abestu genituen.
Emankizunari amaiera emateko bi koruek ahotsak batu genituen. Lehenik J. Elberdinen Izar Ederrak kantatu genuen Montse Latorreran zuzendaritzapean eta Junkal Guerrerok, berriz, berak idatzitako Mutil txaleko gorri abestia.
Entzuleek txalo zaparradarekin ederki eskertu zuten bi taldeon saioa.